Honekin, gobernu-era hau osatzen duten faktoreak eta horietako bakoitzak besteen aurrean daukan tokia erabakitzera heltzen gara. Kanpoko osagarri horiek hiru dira: Lehenengo, oligarkak (alde bakoitzeko primateak, handikiak edo notableak deituak, buruzagitza osatzen dutenak, eskuarki erdialdean bizi direnak); bigarrenik, lehen bigarren edo hirugarren mailako jauntxoak, herrialde osoan zehar sakabanatuak; hirugarrenik, gobernadore zibila, komunikazio-organo eta tresnatzat balio diena. Honetan datza artifizio guztia, eta horren azpian dago nazio osoa ahuldurik eta nekepean. Oligarkek eta jauntxoek, klase zuzentzaile edo gobernatzailea deitu ohi duguna osatzen dute, “alderditan” zatitua edo kokatua. Baina honela deitu arren, ez da halakoa; hala baldin balitz, nazioaren parte osakidea litzateke, haren ordezkari organikoa genuke, baina ez da gorputza arrotz bat besterik, ministerioak, kapitaintzak, telegrafoak, bateriak eta gotorlekuak hartuak lituzkeen atzerritar talde bat bezala, zergak jarri eta horiek kobratzeko (…). Azter dezagun orain moralaren aldetik sistema, ikusi dugunez, osatzen duten hiru faktore pertsonalak: jauntxoak, oligarkak eta gobernadorea. Orain argi frogatuko genuke aristokraziak “gutxienek, baina onenek, herria gobernatzea” esan nahi duen bitartean, Espainiako gobernu-moduan, ordea, herria gutxienek gobernatzen dutela, baina txarrenen gutxiengoarekin, alderantzizko aukeraren arabera. Espainol guztiek orrialde hauek, nik kopiatu besterik egin ez ditudanak, irakurri eta hauen gainean gogoeta egin beharko lukete, ea azkenean, lotsaz gorrituta, geure gainetik madarikazio hori kentzen dugun, zeren Txinan, Annam-en, Persian eta Turkian ere, konparaziotik hobeki aterako bailirateke.
Iturria: COSTA, JOAQUÍN. Oligarkia eta Jauntxokeria, Espainiako oraingo gobernu-modu gisa, (1901)