(…) Bizkaiko meatzetako langileek, maiatzaren 1ean Gallartako pilotalekuan bildurik, manifestaldi berri eta zaratatsuak egin zituzten meatze-eskualde honetako jauntxoek jarritako barrakoi eta derrigorrezko dendak mantentzearen kontra, eta Batzorde bat izendatu zuten botere publikoei horiek laster erabat ken daitezen eskatzeko.
(…)
Meatzetako langile guztiek 1980an grebara jo zuten, lan-eguna mugatzea eta barrakoi eta derrigorrezko denak kentzea eskatuz. Ondorioz probintzia hau gerra-egoerapean jarri zen eta tropa askok, Loma jeneralaren agindupean, parte hartu behar izan zuten, ordena publikoa mantentzeko.
Greba mugimendu hura, Loma jeneralaren aurrean langile eta ugazaben artean egindako hitzarmenaren bidez amaitu zen, honen bitartez 10 orduko lan-eguna jarri eta barrakoi zikin eta derrigorrezko dendak behin betiko desagertuz.
Baina handik laster ugazabek beren konpromisoa ahaztu eta kuartelak berreraiki eta derrigorrezko dendak ezarri zituzten berriro, meatzariei izarretik izarrera lan eraginez. Beste greba batzuk ere egin ziren, konstituzio-garantiak ostera ere eten eta armadaren indarrak berriz ere jarri ziren mugimenduan.
Gaur egun, nola edo hala, 1890ean ezarririko lan-eguna mantentzen da, baina barrakoi eta derrigorrezko dendei dagokienez, meatze-alde guztietan ia-ia lehenengo greba aurretik bezalaxe egoten da.
Bizkaiko aldean, legeak mespretxatu eta mende honetako espiritu liberala zapalduz, lanean onartua izateko, nahitaezko baldintza gisa, higienearen kontrako txaboletan bizi eta janariak, onak zein txarrak (ia beti txarrak eta eskandaluzko prezioetan) halako denda jakinetan erosi beharra dago.
Hau guztia, gure ikuspuntutik, hainbeste aldiz aipatzen den lanerako askatasunaren kontrako eraso ezin larriagoa da, osasun- eta higiene-legeen aurkako iraina eta, batez ere, giza eskubideen kontrako zapaltze nabarmena, inongo gobernu landuak onartu behar ez lukeena.
Hala ere, Bizkaiko meatzetako langileek, barrakoiak eta derrigorrezko dendak kentzeko, esklabotasun berri eta nazkagarriaren zeinuak direnak, grebarako eskubideaz baliatuko dira, gobernuak eta agintariek uste ez badute egiazko krimenak egiten dituzten kontzientzia gabeko negrero horien aseezintasunari muga bat ezarri behar zaiola behingoz.
Bizkaiko langileei, Lucha de clases, 86. zenbakia (1869-V-3)
Iturria: EHUra sartzeko hautaprobak 2001-2002
OHARRA: Data guztiak dantzan ibili ziren urte hartan! Testuan 1890 da beti eta bukaerako sinaduran, berriz, 1896.